Otsailetik ekainerako ikastaroen informazio-orria

Matrikula egitean kontuan hartu beharrekoak

Bulegoan esango zaizu zer euskaltegitan izango den ikastaroa.

Euskaltegi batean inoiz ibili ez bazara edo matrikulatu gabe urtebetetik gora eman baduzu, mailaketa-proba egin behar duzu. Aurreko ikasturtean beste euskaltegi batean ibili bazara, ez duzu mailaketarik egin behar, baina gainditutako azken azpimaila ziurtatzen duen agiri ofiziala aurkeztu behar duzu.

Matrikularen prezioan, bi kontzeptu daude sartuta: matrikula-tasa (30 €) eta matrikula bera (gainerako guztia). Matrikulatzen diren guztiek ordaindu behar dute matrikula-tasa (*).

Txandaka ibili behar baduzu, bi ordutegi aukeratuko dituzu gehienez, eta bulegoan entregatu txandaka zergatik ibili behar duzun ziurtatzen duen agiri ofizialen bat.

Matrikula nola ordaindu

  • Online, gure webgunean: gasteiz.ikaeuskaltegiak.eus
  • Euskaltegian. Matrikula-orria bete, eta ordaindu txartel bidez euskaltegian bertan edo transferentzia bidez. Transferentzia eginez gero, banku-agiria aurkeztu behar duzu.

Astean 10, 15 edo 25 orduko ikastaro batean matrikula eginez gero, dena batera edo 2 epetan ordain daiteke. Epeka ordainduz gero, kontu korrentearen zenbakia eman behar duzu, eta aurrerago helbideratuko zaizu 2. epea. Maiztasun txikiagoko ikastaroetan, dena batera ordaindu behar da.

Behin matrikula eginda kontuan hartu beharrekoak

Baja emateko, bulegoan jakinarazi beharko duzu, eta orri bat sinatu. Jakinarazten den eguna hartuko da baja-datatzat.

Behin baja emanda, honako hauek izango dira matrikularen dirua itzultzeko epeak:

  • Baja matrikulazio-epearen barruan emanez gero, ordaindutako guztia berreskuratuko duzu.
  • Baja ikastaroa hasi eta 5 eskola-eguneko epean emanez gero, ordaindutako guztia itzuliko dizugu, matrikula-tasa izan ezik.
  • Baja hasierako 5 eskola-egun horiek pasatu eta 2. epea helbideratzeko data baino lehen emanez gero:
    • Matrikula epe bakarrean ordaindu baduzu, 2. epeari dagokion diru-kopurua itzuliko dizugu.
    • Matrikula epeka ordaintzea aukeratu baduzu, ez dizugu 2. epeari dagokion diru-kopurua helbideratuko.

2. epea helbideratzen denetik aurrera, ez da dirurik itzuliko.

Oharra: (*) IVAPek, JUSTIZIAk, OSAKIDETZAk edo IRALEk matrikularen % 100 ordaintzen badizu, matrikula-tasa ordaindu beharko duzu (30 €), eta dagokion erakundetik jasoko duzun matrikula-orria bulegoan entregatu. Behin matrikulatuta, tasa itzuliko dizugu ikastaroa hasi eta hilabetera.

Zuk eskatutako ordutegian talderik sortzen ez bada, ordaindutako guztia itzuliko dizugu, matrikula-tasa barne.

Behin ikastaroa hasita, ordutegia aldatu edo txandaka ibili behar baduzu, aldaketaren zergatia azaltzen duen agiri ofizial bat entregatu behar duzu bulegoan. Aldaketa onartuko da baldin eta eskatu nahi duzun taldean leku-arazorik ez badago.