BATERA: kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdiak Euskaldun-berriak? etaPaperbizi proiektuak saritu ditu. Euren egileek, Gasteizko Kauldi Iriondo eta Estibaliz Agirre gazteek, hilabete pasa dute ideia egikaritzeko crowdfunding-a prestatzen. Kanpainak gaur abiatu dira. Iriondok eta Agirrek 40 egun izango dituzte beharrezkoa zaien dirua biltzeko.

Estibaliz Agirre eta Kauldi Iriondo gazte gasteiztarrak dira iazko urrian martxan jarritakoBatera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko irabazleak. Saria dela eta, hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzenItsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko; gaur jarri dituzte abian. Antolatzaileek plataformako arduradunak eskertu nahi izan dituzte emandako laguntza guztiagatik.

Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak bi proiektu hauek aukeratu zituen, Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko ordezkariaren hitzetan “beren orijinaltasuna, ikuspegi artistikoa, euskararekiko atxikipena, parte hartzerako joera eta Gasteizko hiriarekin duten lotura” dela eta.

Aukeratutako proiektuak garatu ahal izateko Agirrek eta Iriondok deialdiko antolatzaileen, Oihanederren eta Gauekoak-en, laguntza jaso dute. Izan ere, crowfunding eta komunikazio kanpaina orokorra antolatzeko aholkularitza jaso dute, baita kanpaina abiatzeko 1000na €.  Era honetan “40 eguneko iraupena izango duen crowdfunding bana jarri dute abian Euskal herriko eta Gasteizko kulturzale eta euskaltzaleek beren proiektuak diruz lagun ditzaten” adierazi du Gauekoak ekimeneko Odei Catalan-ek. Hemendik aurrera #BiokBatera traolapean sustatuko dituzte euren lanak.

PaperbiziGasteizko begirada anitzen arte-liburua pertsonei buruzko proiektu bat da, argazkilaritza, marrazkigintza eta euskara lotuko dituen proiektua: arte-liburu bat. Estibaliz Agirrek hirian beren aztarna berezi eta artistikoa uztea  proposatzen die gasteiztarrei. “Parte hartzen duten guztien argazki, marrazki eta testuekin Gasteizko pertsona desberdinen leku kuttunak eta hiriarekiko ikuspuntuak biltzen dituen arte-liburu bat osatuko dut”. Gasteizen aurki daitezkeen txoko eta momentu desberdinak zabaldu nahi ditu, “baina batez ere, parte-hartzaile bakoitzari hirian aztarna pertsonala uzteko aukera paregabea eskaini nahi diot”, azaldu du gazteak.

Euskaldun-berriak? argazkilaritza erreportaje bat da, erakusketa bat, proiektu pertsonala. “XXI. mendeko Euskal Herriko komunitate euskalduna sozialki eraldatzen ari da aldiro; egungo gazteria heltzen doan heinean, gazteria berritzen doa etengabe. Beraz, euskaldun “berriak” momentuoro ari dira sortzen, eta  honela,  kultura eta hizkuntza bera ere etengabe eraldatzen dira. Gaur egun, euskal gazteria oso anitza da, eta proiektu honetan gazteria euskaldun honek lekuarekiko eta hizkuntzarekiko duen harremana islatu nahi dut, hirietako zein herri txikietako euskarari eta euskaldunen ahotsei irudia ematea da nire helburua”, zehaztu du bere egileak, Kauldi Iriondok.

Antolatzaileen hitzetan BATERA deialdiarekin Gasteizko gazteen proiektu kulturalak euskaraz garatzeko beste modu bat abiatu da. “Hemendik aurrera gazteek buruan duten ideia hori gauzatzeko aukera berri bat izango dute. Aurten bi proiektu jarri dira martxan, baina, ea hurrengo urteetan gehiago sustatzeko aukera dugun” amaitu du Iñaki Lazkanok.

infoa: https://oihaneder.eus/albisteak/euskaldun-berriak-eta-paperbizi-crowdfunding-kanpainak-batera-abian/