IKA Gasteiz euskaltegia

Albisteak

Euskarazko liburuak irakurtzeko eta trukatzeko garaia

2019/03/18

Martxoaren 12tik  maiatzaren 31 bitartean Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren 12. edizioa garatuko dute, Euskal Herriko 45 herritan. Jendea euskarazko liburuak irakurtzera animatzeaz gain, egitasmoak liburuak elkarri oparitzea edo trukatzea ere proposatzen du, harremanak lantzeko praktika gisa. 

Hamabigarrenez, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatuko ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera  sustatuz. Horretarako, besteak beste, parte hartzea saritzen du egitasmoak, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatuz. Araban, Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Zigoitia, Legutio eta Gasteizko liburutegiek parte hartuko dute kanpainan.

Kanpainan parte hartzeko hiru urrats egin behar dira. Lehenik eta behin, herriko liburutegi publikora  joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu beharko da. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da ondoren: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. 

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko   aukera  ematen du. Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran,  liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen txeke baten zozketa egingo da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea  ekainaren 15era artekoa izango da. 

Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Infoa: alea.eus


Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera

IKA euskaltegia · Adriano VI, 18 · 01008 Gasteiz · Tel.: 945 154 341