IKA Gasteiz euskaltegia

Albisteak

Alea astekariak IKA euskaltegia elkarrizketatu du euskaltegiaren 30. urteurrena dela eta

2019/10/08

Aste honetako Alea aldizkarian Gasteizko IKA euskaltegiari egindako elkarrizketa topa dezakegu, 30. urteurrena dela-eta. Hemen uzten dizuegu elakrrizketa osoa.

"Hurrengo erronka da etorri berriak gurera erakartzea"

 

Duela 30 urte sortu zen IKA, baina urteurrena datorren urtean ospatzea erabaki dute erakundeko arduradunek.

IKAk 30 urte bete ditu aurten, eta urteurren bitxia ari dira prestatzen. Lanean gogotsu ari badira ere, Iñaki Barona eta Joxemi Reguero IKA zuzendaritza taldeko kideek ohartarazi dute sektorearen baldintzak hobetu beharra daudela irakasleen hurrengo belaunaldia ziurtatzeko.

31. urteurrena? Ez da ohiko zifra...

Joxemi Reguero: Aurten 30 urte bete ditugu, eta jende guztiak zenbaki biribilak ospatu ohi ditu; baina, gure kasuan, konturatu ginen euskarak joko gehiago ematen zuela hogei eta hamaIKAgarrena ospatuta, eta horri ekin diogu. Gainerako euskalgintzarekin elkarlana estutzeko baliatu nahi dugu urteurrena.

Iñaki Barona: Diru askorik ez genuela kontuan izanda, xumea baina polita izan zitekeen zerbait egitea pentsatu genuen. Hori gogoan, gure ohiko jardueretan egiten ditugun ekintza kulturalak hartzea eta horiek euskalgintzarekin batera zabaltzea erabaki dugu. Eta kontrako jarioa hartzea, hau da, euskalgintzatik bertatik proposatzen dituzten ekintzak gurean txertatzea.

Gasteizi dagokionez, zer ekintza zehatz egingo dituzue?

J.R.: Horietako batzuk mintzalagunekin izango dira. Haiek antolatu dituzten hainbat tailer zabalduko ditugu. Momentuz sukaldaritza eta dantza tailerrak egingo ditugu. Dantza tailerra jaialdi batekin amaituko da, ikasitakoa martxan jartzeko. Bestalde, maiatza aldean edo, pintxo pote handi bat antolatzeko asmoa dugu. Oihanederreko lagunekin arituko gara, eta ALEArekin ere lehiaketa bat prestatu dugu: normalean gure euskaltegietan egiten dugu, baina oraingoan ALEAren irakurleen artean ere zabalduko dugu. 

Zein da orain arteko ibilbideaz egiten duzuen balantzea?

J.R.: IKAk Araban egin duen ibilbideaz oso harro gaude. Oro har, euskalgintza osoak ibilbide oparoa egin du, eta emaitzak ikustekoak dira. Azken 30 urteotan Araban 5.000 lagun ibili dira urtero euskalduntzen, eta, horietatik, erdia baino gehiago gurekin ibili da. Gasteizen eta Araban euskarak izan duen gorakada oso handia izan da. Horretan bi faktore daude: eskola eta helduen euskalduntzea. %40 inguru helduen euskalduntzeri dagokio, eta horren ardura handi bat gurea da.

Ibilbide horretan, nolakoa izan da instituzioekiko harremana?

J.R.: Azken urteotan hobetu egin da. Udalarekin harremana gero eta hobea da. Diputazioaren kasuan, azken urteetan planteatu dituzten ikasleentzako diru-laguntzak oso positiboak dira, zeren benetan jotzen baitute doakotasunaren bidera: dirua aurreratu egiten dute. Normalean diru-laguntzak beti a posteriori izan dira. Baina, zenbait kasutan, begi-bistakoa da jendeak hasierako diru hori behar duela euskara ikasten hasteko. HABErekin gauzak hobetu dira, baina haiekin geratzen zaigun tartea oraindik ikaragarria da.

Zer behar du IKAk aurrera jarraitzeko?

I.B.: Euskara ikasle izateko beharrezkoa da goi mailako titulua, eta ezaugarri hori duen jendeak mila aukera hobeagoak ditu euskaltegiko irakaslea izatea baino. Gu oso gustura ibili arren, ordu gehiago sartu behar ditugu, ordutegi aldaketak ditugu eta gure soldata irakaskuntza pribatuan dagoenaren %50 da. Gu adinean aurrera goaz, eta hemendik hamar urtera askok lana utzi beharko dugu. Gauzak horrela, ordezkoak erakartzeko baliabideak jaso eta lan baldintzak hobetu behar ditugu.

Ikasleen profila asko aldatu al da?

I.B.: Azken urte hauetan askoz nabarmenagoa izan da ikasleen helburu instrumentala: titulu bat lortzea, alegia. Eta hori normala da. Beste garai batean titulua ez zen gehienok buruan geneukana. Beste motibazio bat zegoen. Nik neuk euskaltegian ikasi nuen euskara. Baina horrekin ikasi behar da jokatzen.

Tituluaren bila etorri eta euskararekin maitemintzen direnak ere egongo dira, ezta?

I.B.: Asko, bai, eta gainera beraiekin oso emaitza onak izaten ditugu. Badira nahiko modu itxian etortzen direnak, buruan titulua besterik ez daukatenak, baina denborarekin bilakaera itzela ikusten dugu haiengan. Beste mundu bat aurkitzen dute euskara ikastean, batzuetan nahigabe.

Zeintzuk dira etorkizunari begirako erronkak?

J.R.: Hurrengo erronka da etorri berriak gurera erakartzea. Mundu zabaletik etorri zaigun jende hori guztia, hain zuzen. Oso arraroa egiten zaie bertoko hizkuntza ikasteagatik ordaindu behar izatea. Pentsa, gainera, gaztelaniazko eskolak zentimo bat ere ordaindu behar izan gabe jasotzen dituztela. Horregatik, benetako doakotasuna lortzea gako da jende hau euskarara erakartzeko. 


Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera

IKA euskaltegia · Adriano VI, 18 · 01008 Gasteiz · Tel.: 945 154 341