IKA Gasteiz euskaltegia

Agenda

Nola biziko dugu Euskaraldia? Bihar, hilak 21, Oihaneder euskararen etxean

2018/11/20

Azaroaren 23an, Euskaraldia hasiko da, ohitura linguistikoak aldatzeko esperimentu soziala. Aurretik izan dira antzerako esperientziak, eta hauek ezagutuz Oihaneder euskararen etxeak saio bat antolatu du Euskaraldiarako hobeto prestatzeko, azaroaren 21ean 19:00etan.

Hiru ikus-entzunezko labur emango dira, eta bertako protagonistekin hitz egiteko aukera izango da.

Alde batetik, Lutxo Egia izango da, berak hilabete batez ez zuen gaztelaniarik egin, Bilbon. Bere performance-linguistikoaz hitz egingo du. Esperientzia pertsonal baten kontakizuna izango da.

Bestetik, Izarne Zelaia etorriko da, Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimeneko kidea. Donostiako Egia auzoan, eragile eta norbanakoek, astebetez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu zuten, zazpi txandatan.

Hirugarrenik, Ainhoa Arbaiza hurbilduko da, Agurainen 75 ordu euskaraz ekimeneko antolatzaileetako bat. Arabako Lautadako  herri horretan esperientzia kolektiboa jarri zuten martxan 2016ko udazkenean.  75 orduz, 4 gunez, eguneroko esparru guztietara eraman zuten euskara.

Ikus-entzunezkoak ikusi eta hiru esperientzia hauetako protagonistekin hitz egiteko aukera izango da saio honetan. Horrela, hurrengo egunetan dugun erronkari hobeto helduko diogu.


« atzera

IKA euskaltegia · Adriano VI, 18 · 01008 Gasteiz · Tel.: 945 154 341