IKA Gasteiz euskaltegia

Agenda

Mahai-ingurua: "Sorginak Diziplinatu beharreko emakumeak, atzo eta egun"

2020/02/06

IKAn aurten 31 urte beteko ditugu. Hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuko ditugu zenbait gizarte-eragilerekin elkarlanean. Horietako bat duzue mahai-inguru hau, Oihaneder (Euskararen etxea) eta Sorginenea (Emakumeen etxea) bidelagun hartuta: "Sorginak Diziplinatu beharreko emakumeak, atzo eta egun". Hilaren 20an, 19:00etan, Oihanederreko Ortuño aretoan.

Sorginak, emakume zahar itsusiak, beti lardaskan, lizunkeriei eta aldrebeskeriei emanak, deabruarekin harreman estuan, ukendu eta edabe nazkagarriak prestatzen, arao izugarriak ezpainetan. Horixe, mendeetan zehar saldu zaigun irudia, gure irudimenean finkatu den klixea. Horren adibidea, IKAk berak sortu zenean erabiltzen zuen irudia.

Baina hala izan zen, edo zer dago irudi estereotipatu horren azpian? Azken hamarkadetako ikerketen emaitza oso bestelakoa da. Gauzak oso bestelakoak izan ziren, eta sorginekin hasi zen prozesua ez da oraindik bukatu. Amaia Nausiak 500 urteko doktrinamenduaz hitz egingo digu, Amelia Barquinek gaur egun gizarteak emakumeak diziplinatzeko erabiltzen dituen ageriko eta ez horren ageriko estrategiez eta Maider García de Bikuñak sexu-arloan oraindik ere nagusi diren autoezagutza faltaz eta irudi okerrez.

Eta sorginek hor diraute!!!

Partaideak:

Amaia Nausia Pimoulier: Historian doktorea Nafarroako Unibertsitatean. Entre el luto y la supervivencia: viudas y viudedad en la Navarra Moderna (siglos XVI y XVII) tesiaren egilea. 2012an ¿Vírgenes o putas? 500 años de adoctrinamiento femenino (1512-2012) liburua plazaratu zuen Erein argitaletxearekin. Bere ikerketa gaiak: amatasuna, emakumeen lan mundua iraganean, sorginen ehiza eta, orokorrean, emakumeek Historian zehar pairatu dituzten jazarpen mota ezberdinak. Eusko Ikaskuntzako Proiektu arduraduna eta ohiko kolaboratzailea hainbat hedabidetan.

Amelia Barquín López: Filologian doktorea eta irakaslea HUHEZI fakultatean (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Mondragon Unibertsitatean). “Kulturarteko Hezkuntza” eta “Hezkuntza eta generoa” materiak irakasten ditu bertan. Ikerketa eta irakaskuntza gaiak honakoak ditu, besteak beste: kulturarteko hezkuntza, ikasle etorkinen hezkuntza trataera, hizkuntzaren erabilpen ez-sexista, hezkuntza eta generoa… Horretaz gain, Kinka bere blogean horrelako eta bestelako gaiak jorratzen ditu.

Maider García de Bikuña Quintana: GasteizkoEMAIZE Sexologia Zentroko sexologoa, Psikologian lizentziatua eta Sexologian espezializatua da. 2002an Emaizen hasi zen lanean. Bere lan eremuen artean Sexuen Heziketa, emakumezkoen ahalduntze tailerrak (prostituzioa, migratzaileak, helduak…), gizarte-eragileen prestakuntza eta komunikabideetan kolaboraborazioak ditu gaur egun, aholkularitzan, amatasun/aitatasun positibo eta gazteekin aisialdian lan handia egin duelarik ere. “Sexualitatean Xirikatuz” (Erein argitaletxea) liburuaren egileetako bat da.

Bideratzailea: Elena Cercadillo Villazan: Sorginenea, zure etxe feminista egitasmoko partaidea.


« atzera

IKA euskaltegia · Adriano VI, 18 · 01008 Gasteiz · Tel.: 945 154 341