IKA Gasteiz euskaltegia

Agenda

HABEko azterketak: bigarren deialdirako informazio

2020/09/23

Informazio orokorra

  • Egutegia: Hiru egunez luzatuko da 2020ko bigarren deialdia gauzatzea, irailaren 28tik 30era. Maila eta deialdi bakoitzari dagozkion probak egun jakin batzuetan egingo dira:
    • Euskaltegietako ikasleentzako deialdia: B2 maila: irailak 30 // C1 maila: irailak 30 // C2 maila: irailak 29
    • Deialdi irekia: B1 maila: irailak 29 // B2 maila: irailak 29 // C1 maila (paperean eta HOBE): irailak 28 // C2 maila (paperean eta HOBE): irailak 29

 

  • Aztertokiak: baldintza egokiak betetzen dituzten aztertokiak aukeratu dira, azterketari-kopurua era akademikoan eta osasungarrian kudeatzeko:
    • Araba: Buesa Arena (Gasteiz)
    • Bizkaia: BEC (Barakaldo)
    • Gipuzkoa: Kursaal (Donostia)
  • Ordutegia: azterketari-kopuruaren arabera egokitu dira saioak eta txandak lurralde bakoitzean. Irailaren 23an, HABEren webgunean argitaratuko da azterketari bakoitzari egokitu zaion eguna, ordua eta gela. Informazio hori kontsultatzeko, azterketariak www.habe.euskadi.eus  atarian hasi beharko du saioa, norbere erabiltzaile eta pasahitzarekin.
  • Bertaratze-ziurtagiria: azterketara joan izanaren ziurtagiria nahi duten azterketariek “Bertaratze-ziurtagiria nahi dut” inprimakia bete beharko dute, eta inprimakian adierazitako e-posta helbidean jasoko dute ziurtagiria. Eskaera hori azterketa egin ondoren egin beharko da.

 

Azterketa-egunaren aurretik

  • Sintomei erreparatu: ezinbestekoa da norberak, proba-egunaren bezperan eta egunean bertan, tenperatura hartzea eta arnas-sintomarik izateari erreparatzea. COVID-19arekin bateragarriak diren gaixotasun-sintomak dituztenek galarazita dute aztertokira joatea. 
    COVID-19ak kutsatutako azterketariek, edo sukarra edo sintomak dituztenek, medikuarengana jo eta ziurtagiria eskatu beharko dute azterketara aurkeztu ez izana zuritzeko. HABEk aztertu egingo ditu ezinbesteko eta ezusteko arrazoiengatik jasotzen dituen eskaerak eta ahalbideen arabera deituko du proba egiteko beste egun bat, betiere deialdiaren egutegiaren baitan.
  • Ondo begiratu proba egiteko eguna, ordua eta gela: HABEren webgunean argitaratuko da azterketari bakoitzari egokitu zaion eguna, ordua eta gelaren izena. Horretarako, azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian hasi beharko du saioa, norbere erabiltzaile eta pasahitzarekin.
  • Musukoa eskuratu: azterketariak berak ekarri beharko du etxetik bere musukoa. 
  • Materiala prestatu: azterketari bakoitzak bere materiala eraman beharko du proba egiteko. Gogoan izan erantzun-orrietan boligrafo urdinez edo beltzez idatzi behar dela.
  • Prebentzio-neurriak bete: indarrean dauden prebentzio-neurriak errespetatu (musukoa erabili, pertsonen arteko distantzia gorde, eskuen higienea zaindu…).

 

Aztertokira sartzea

  • Ate-irekiera:
    • Probak hasi baino 45 minutu lehenago sartu ahal izango du azterketariak aztertokira. Sarrera egoki eta patxadaz egin ahal izateko, nahikoa da 20 minutu lehenago bertan izatearekin.
    • Gomendatzen da aztertokiko sarrera nagusira hurbildu bezain laster barrura zuzenean sartzea. Saihestu pilaketak eta alferrikako itxaronaldiak kalean.
    • Azterketariek pertsonen arteko segurtasun-distantzia gorde beharko dute sartzean.
  • Azterketariak bakarrik sartu ahal izango dira aztertokira.
  • Musukoa: aztertokian sartzeko, azterketariak musukoa jantzita eraman beharko du, derrigor.

 

Aztertoki barruan

  • Joan-etorriak: aztertokietako igarobideetan, zirkulazioa norabide bakarrekoa izango da.
  • Eskuen higienea eta segurtasun-distantzia: gelara sartu baino lehen, gel hidroalkoholikoz garbitu beharko dituzte eskuak azterketari guztiek, horretarako propio ezarritako eremuan. Egonean itxarotea egokituz gero, segurtasun-distantzia errespetatu beharko da.
  • Gelan: azterketa-gelara iristean, jagoleak zehazten duen lekuan jesarri beharko da azterketaria. Azterketarien artean, bermatuta egongo da 1,5 metroko distantzia, gutxienez.

 

Azterketa egin bitartean

  • Prebentzio-neurriak: azterketa egin bitartean, derrigorrezkoa da osasun-neurri guztiak errespetatzea (musukoa, pertsonen arteko distantzia).
  • Materiala: azterketari bakoitzak bere materiala eraman beharko du proba egiteko, eta ezin izango du beste inorekin partekatu. Gogoan izan proba boligrafo urdinez edo beltzez idatzita entregatu behar dela.

 

Irteera

  • Azterketa bukatu ahala: azterketa bukatzeko 10 minutu falta diren arte, azterketa amaitu duten azterketariek gelako irteera-ateak erabiliko dituzte gunetik irteteko.
  • Denbora amaitzear dagoela: azterketa amaitzeko hamar minutu falta direnean, azterketariak ezingo dira euren kasa irten gelatik, eta proba egiteko denbora bukatu arte itxaron beharko dute. Azterketa amaitzean, jagoleek agindu ahala irtengo dira gelatik.
  • Irteerarako protokoloa:  irtetean, azterketariek eskuak garbitu beharko dituzte gel hidroalkoholikoarekin, eta zirkuituak markatutako norabidea errespetatu gelatik eta aztertokitik irteteko. 

 

Prebentzio-neurri gehigarriak

  • Distantzia: azterketa-geletan bermatuta egongo da 1,5 metroko gutxieneko distantzia azterketarien artean.
  • Garbiketa: azterketa-txanda bat bukatu eta hurrengoa hasi baino lehen, gela, komun eta igarobide guztiak garbitu eta desinfektatu egingo dira.
  • Berariazko prestakuntza: antolaketan ariko diren kide guztiei prebentzio-jarraibide zehatzak emango dizkie Eusko Jaurlaritzaren Prebentzio Zerbitzuak.

« atzera

IKA euskaltegia · Adriano VI, 18 · 01008 Gasteiz · Tel.: 945 154 341